Popis: |
Arestiren testuen inguruko ikerketa sakontze eta xehatze bidean dugu azken urteotan, eta jakina denez, Itxaropena argitaletxea izan zen Gabriel Arestiren liburu enblematikoenaren, Harri eta Herri liburuaren editorea. Euskal Harria ere bertan argitaratzekoa zenez, Arestik eskuizkribua bidali zuen Zarautza, baina ez zuen han atera azkenean. Artikuluan zehar garatuko diren gorabeheren ondorioz, Kriselu argitaletxea sortu zuen 1967an, bigarren liburu hori ateratzeko. Itxaropenan gordetako 1963ko Harri eta Herri eta 1966ko Euskal Harriaren ale bakarrak 2022ko urrian zehar Zarautzeko Itxaropenaren erakusketan ikusgai daudenez, aukeraz baliatu nahi izan dugu ezagutzera emateko ikertzaile eta literaturazaleen artean, bi liburu horien aurretestu interesgarriak (eta ustez bakarrak) aztergai eta altxor baliotsuak direla, euskal literaturaren historiarentzat. Artikulu honen helburua, beraz, lerro hauek idazten ditugunok aurkikunde preziatutzat dugun ikergai genetikoaren berriemaile izatea da, eta baita dokumentu horien balioa agerian jartzen duten ezaugarri nagusiak laburki adieraztea ere, ikerketa sakonagoak burutu bitartean. Azken xede gisa, arreta erakarri nahi dugu euskal idazleen testuen sortze prozesura, eta Arestiren testu paradigmatiko biren azterketaren bidez frogatu nahi dugu dokumentu horien ezaugarriak xeheki aztertuz soilik argitu ahal dela une historiko bakoitzeko presio linguistikoak, sozialak nahiz gubernamentalak zenbateraino aldarazi zioten Aresti bezain idazle ekintzaileari bere testuaren egitura, adierazmoldea, hizkera, eta abar. HITZ GAKOAK: Aresti, Harri eta Herri, Euskal Harria, Itxaropena argitaletxea, zentsura. |