Popis: |
“Selective Laser Melting” (SLM) fabrikazio prozesua metalen fabrikazio aditiboaren (FA) aldaeretako bat da, zeinean piezak geruzaz geruza eraikitzen baitira. Energia-iturri kontzentratu bat (laserra edo elektroi-sorta) aplikatzen zaio hauts-materialari, zeina oso azkar berotzen baita haren urtze-tenperaturara iritsi arte; gero, solidotzen eta hozten utzita, beste geruza solido bat eratzen du. Fabrikazio-prozesu horrek hondar-tentsioak eta distortsioak eragin ohi ditu. Distortsioak kritikoak izaten dira, fabrikazio-kostuak eta -denborak areagotzen dituztelako, eta materialaren erabilera oker bat eragiten dutelako dimentsioen zehaztugabetasunen ondorioz. Beraz, hobe da distortsio horiek diseinu-fasean aurresatea, ohiko saiakuntza- eta errakuntza-estrategia erabili ordez. Analisi termomekaniko iragankor zehatza (ATM) jo ohi da FAko prozesuetan erreferentziako modelatze-estrategiatzat. Hala ere, beharrezkoa da metodologia sinplifikatuak erabiltzea (adibidez, “inherent strain” (IS) metodologia) ATMak duen kostu konputazional handia ikusita. Lan honek IS metodoa aztertzen, garatzen eta aplikatzen du, eta hauts-geruzetan oinarritutako SLM prozesuaren azken distortsioak aurresatea du xede. Helburu nagusia da eredu sinplifikatu honen aurreikuspen-gaitasuna ebaluatzea, horretarako garatu den kalibraketa-estrategian oinarrituta. Ebaluazioa egiteko, zenbait proba-geometriatan lortutako emaitza numerikoak eta neurketa esperimentalak jarri dira korrelazioan. |